Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Herria eta hizkuntza


Mundua hizkuntza askoren bizitokia izan da mendeetan zehar, nahiz eta gaur egun horietako asko desagertuta egon. Baina hizkuntzak hiltzea ez da halabeharrak nahitaez dakarren gertaera bat; aitzitik, galbidean jartzen duten arrazoiak aldakorrak dira.

 

Gure herriak ez du euskara galdu nahi. Barru-barruan itsatsita darama hizkuntzarekiko atxikimendua, bere nortasunaren adierazpide funtsezkoena baita; eta hizkuntza galduz gero, aberastasun paregabea ez ezik kohesiorako elementu garrantzitsuenetako bat ere galduko luke. Horregatik, mendez mende iraun duen hizkuntzari eutsi, esparru guztietara zabaldu eta sendotzeko apustu garbia egin du.

 

Adituek ezarritako sailkapenen arabera, euskara ez da antzina Asiatik etorritako herri haien hizkuntza-taldeetakoa; aparteko toki berezi batean kokatzen dute Europako hizkuntzen artean. Ez bide du, ingurune geografiko hurbilean behintzat, hizkuntza ahaiderik. Bi dira Europako hizkuntzak biltzen dituzten familiak: indoeuroparra eta uraldarra; baina genetikoki euskara horietatik kanpo dago.

 

            Ekaingo zaldia                            Jentil Harria

                     Ekaingo zaldia                                                    Jentil Harria

 

Gaur okupatzen duten lurraldean aspaldi-aspaldian kokatu ziren euskaldunak: Behe Paleolitikoko giza aztarnak datatu dira eta azken glaziazioaren azken aldiko kokalekuak (Magdaleniense-Aziliense) erregistratu dira. Aldi hartan hasi zen oraingo euskaldunaren tipologiaren bilakaera, Neolitikoan jada bukatua.

 

Planetako txoko honetan bizi izan dira antzina-antzinatik euskaldunak, gizateriaren historian beren aztarna utziz, kultur tradizio aberats bati eutsiz eta Europako hizkuntza zaharrenari atxikiak, euskarari alegia, zeina nortasun historiko baten lekuko eta ikurra baita.

 

Euskararen lurraldeak 20.664 km2 hartzen ditu, Pirinioetako mendebaldeko bazterrean, Bizkaiko Golkoan. Zazpi herrialdez osatua, bi estatu europarren mendean dago politikoki eta administratiboki: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Espainiako estatuan eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Frantziakoan.

 

 

Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen dute, eta Nafarroak Nafarroako Foru Erkidegoa. Bi erkidego horiek autogobernua dute. Ez, ordea, Iparralde deituriko zatiak, Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak osatuak, zeren herrialde horiek beste lurralde geografiko handiago baten zati baitira, Pirinio Atlantikoen Departamentua alegia, administratiboki Akitaniako Eskualdearen barruan.

 

Azken eguneratzea: 2006/11/16