Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (pdf, 337 Kb)
Euskararen Aholku Batzordeak (EAB) euskararen Euskal Herriko hizkuntza-politiken eraginkortasuna aztertuta, 1998an Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) onartu zuen¹ hizkuntza-normalizazioa eskuratzen jarraitzeko plan estrategikoa zehaztuz.
Hartan, euskararen indarguneak eta ahuleziak behin ezarrita, argi jaso ziren ordutik hasita hamarkadarako hizkuntza politikaren helburu zehatzak eta egitasmo-proposamen nagusiak, hala nola herri-aginteen arteko koordinaziorako nahiz euskalgintzako elkarteekiko elkarlanerako erreferentziak ere.
Horiek guztiak ezagunak diren hiru helburu estrategikoetan egituratuta eman zituen: euskara ondorengoetaratzea, euskararen erabilera (euskararen aldeko auzogintza eta zerbitzugintza) eta euskararen elikadura.
Bigarrenaren arabera, euskara eskolaren mugetatik harantzago beste erabilera gizarte-eremu berezi eta garrantzizkoetara zabaldu beharrekoa da, gaztelaniak bezainbateko balio funtzionala eta pertzepziozkoa izan dezakeela hiztunari erakusteko.
Arlo pribatuko lan-mundua euskarak eskuratu beharreko ezinbesteko esparru horietakotzat jo zen eta, halaber, jarduteko neurri orokorrak finkatu ziren, besteak beste:
-
Eragile soziekonomikoak inplikatu: merkataritza-ganbarak, enpresari-elkarteak, elkargoak, sindikatuak, etab.
-
Euskara-planak lantokietan ezartzeko markoa definitu
-
Lantokien tipologiaren araberako proiektuak egin
-
Giza baliabide eta baliabide ekonomikoak bideratu
-
Berariazko sentiberatze-jardunak antolatu
-
Langileak birziklatzeko euskarazko ikastaroak antolatu
-
Diruz lagundutako ikastaroetan hizkuntza-irizpidea ezarri
¹Eusko Legebiltzarrak 1999ko abenduaren 10ean berretsi zuen.
|