|
| Lehendakaria, plataforma berriak izango duen lehen buiari begira (J.B.) |
Azpiegitura berri honen aurkezpenean, honen eta antzerako beste proiektu batzuen helburua energia berriztagarrien inguruan erreferentzia, talentu eta teknologia interesgune bat sortzea, eta hori euskal ekonomiaren eta enpresen esku jartzea dela adierazi du Lehendakariak. Horren harian, zailtasun ekonomiko garai hauetan, plataforma hau euskal enpresa eta industria ehunentzat "izugarrizko aukera" dela azaldu du.
"Guztia dugu eskura. Baliabide naturalak ditugu, teknologiak ditugu eta euskal industriak konprometituta daude. Dena dugu arriskuei eta etorkizunari aurre egiteko, porrot egiteko beldurrik gabe", adierazi du Lehendakariak.
Bere hitzaldiaren beste momentu batean, Euskadin itsasoaren inguruan bizi izan garela, itsasoaren inguruan hazi garela, bere inguruan ikasi dugula, eta gaur aukera izugarri bat ematen digun itsaso miragarri honetatik jan dugula, eta horrek energia berriztagarrien alorrean erreferente bihurtu gaitzakeela gogorarazi du Ibarretxek.
Plataforma berria Euskadin berrikuntzaren alde egiten ari diren apustuaren barruan sartu du Lehendakariak, eta adierazi duenez, proiektu hau ez da bat batean egindakoa. Horretarako, martxan dauden beste proiektu estrategiko batzuk aipatu ditu, besteak beste olatuen bidez energia lortzeko Mutrikuko planta pilotua; Olatuen Atlasa proiektua, euskal kostaldean dagoen energia-potentzial teorikoa eta teknikoa ezagutzeko azterlana; Waveplan proiektu europarra, Europako agentzia energetiko azpimarragarrienak biltzen dituen proiektua; eta Oceantec, olatuen indarretik abiatuta elektrizitatea sortzea helburu duen prototipoaren garapenaren proiektua.
Plataforma
BIMEP (Biscay Marine Energy Platform) proiektuak dituen ezaugarri bereziak direla eta, itsas energiaren alorrean erreferentzia-gunea izateko bidean da. Izan ere, itsasoan elektrizitatea sortzeko ekipoen garapenean dihardutenek aukera izango dute olatu-bihurgailuak probatzeko toki egoki eta apropos batean, BIMEPek prototipoak probatzeko eta saiatzeko berariaz sortutako zentroan, hain zuzen ere. Hartara, itsasoan gailuek sortutako energia lehorrera bideratzeko parada izateaz gain, zuntz optikozko lineen bidez, zenbait datu garrantzitsu bildu ahal izango dute gailuen hobekuntza eta ikerketari begira; adibidez, errendimendu, energiaren ekoizpen eta fidagarritasunaren inguruko datuak, besteak beste.
Aipatutako ikerketa lanak errazteko eta sustatzeko asmoz, ikerkuntza zentro berezi bat eraiki nahi da Armintzan, itsasoan energia sortzeko gailuak une orotan kontrolatzeko eta monitorizatzeko tresnez eta baliabideez hornituta egongo dena. Bertan, munduko mailako ikerlari nagusienetako 20-30 inguruk lan egingo dute datozen 4 edo 5 urteetan.
|