|
| © Lehendakaritza |
Oraindik ere ezinezkoa dirudi internet-ek gure mundua herrixka globala bihurtu izana hain denbora gutxian. Milioika pertsonek, edozein maila edota klasetakoak izanik ere, informazioa eskuratzeko aukera daukate. Azken finean, pentsamenduak eta ideiak partekatzeko aukera.
Iparrean edo Hegoan. Herrialde txiki nahiz handietako aberatsek nahiz behartsuek. Interneteko kulturak berdinagoak bihurtzen gaitu eta gure jakintza sendotzeko eta beste pertsona batzuk, beste kultura batzuk eta beste herrialde batzuk nolakoak diren ezagutzeko aukera eskaintzen digu.
Euskadi, gure herrialdea, txikia da. Txiki-txikia, beste herrialde batzuen ondoan, baina harro gaude euskaldunak garelako eta Europako hizkuntza zaharrenetako bat hitz egiten dugulako. Guk ere akatsak eta dohainak ditugu, guztiok bezala, baina garen bezalakoak izatea gustatzen zaigu, Mundura irekitako herrialde bat. Besteak ezagutu behar dira aurretik norberaren burua ezagutzeko. Euskaldunok izugarri atsegin dugu Mundua eta munduak gordetzen duen aniztasuna. Eman dugun hitza betetzea bezain beste, uste baitugu hitza betetzen ez dutenak, besteekin hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenak bakartuta bukatzen dutela. Sinesgarritasuna galtzen dute.
Izugarri atsegin dugu kulturen arteko elkarrizketa eta kulturok biltzea, mila urteko berri honen ezaugarrienetako baita hori.
Ongi etorri Euskadi deitzen den herrialde txiki hau ezagutu nahi duzuen guztioi. Web honen bitartez, Euskadi Mundura hurbildu nahi dugu eta, aldi berean, Mundutik ikasi. Internet erabiliz, gure geografian zehar, gure hondartza eta mendietan zehar, gure hirietako kaleetan zehar, gure museoetan zehar Guggenheim Bilbaon zehar, esaterako ibiltzera gonbidatu nahi zaituztet. Herri apala aurkituko duzue, gogotik ahalegintzen dena egiten dituen gauza guztietan.Nola lanean hala dibertsioan. Atsegin dugu guri bisita egitea eta atsegin dugu guk bidaia egitea eta jende berria eta beste leku batzuk ezagutzea.
Ongi etorri, baita ere, herrialde hau negozioetarako, etorkizuneko ideia bat edo proiektu bat garatzeko leku egokia dela uste duzuenoi. Ondo prestatutako pertsonak aurkituko dituzue, zuen ideiak gauzatzeko ezin egokiagoak; Jaurlaritzak eta erakundeek ere ahalmen ekonomikoa, fiskala eta finantzarioa dute eta laguntzeko prest daude. Gauzak ondo egitea gustatzen zaigu eta kultura erraz bat erabiltzen dugu horretarako: zero akats. Europan hirugarren herrialdea gara kalitate ziurtagiriak dituzten enpresa kopuruan.
Gauza handiak ditugu eskaintzeko eta bisita egiten digutenek honako herria aurkitzen dute: eskaintzen diotena trukean ezer eskatu gabe emateko prest dagoen herri bat. Merezi du gure herria bisitatu eta ezagutzea; baina, batez ere, gure herrian bizitzea merezi du.
Ongi etorri Euskadira.
Juan José Ibarretxe
Lehendakaria
|