Baliabideen banaketa Euskadiko erakundeen artean
Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzkoak, eskumenak banatzeko barne esparrua zehazten du eta gainera beharrezko tresnak ezartzen ditu Euskadiko erakunde maila guztien artean baliabideak finantzatu eta banatzeko.
Euskadiko erakunde publikoen artean banatu beharreko baliabideak dira Ekonomia Ituna kudeatzetik eratorriak Kupoagatik Estatuari ordaindu zaion zenbatekoa kendu eta gero.
Baliabide horiek banatzeko kontuan hartuko dira, hain zuzen ere, indarrean dagoen ordenamendu juridikoari jarraituz, erakunde komunek eta lurralde historikoetako foru organoek titular moduan bere gain hartuta dituzten eskumenak edota zerbitzuak. Erakunde komunen eta foru erakundeen artean baliabideak banatze honek banaketa bertikal izena du.
Ekonomia Itunaren arabera itundutako zergen bilketaforu aldundiei dagokie eta horrek berez dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari finantza‑isuriak eraman beharra, horrela nolabait, foru aldundi bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu-gastuei kontribuzioa egin diezaien. Finantza-isuri horiek ekarpenak deritzenak dira.
Kontribuzio hori zehazteko, lurralde historiko bakoitzeko errentaren proportzio zuzena hartuko da kontuan, eta alderantzizko proportzioaz neurtuko da lurralde historiko bakoitzeko ahalegin fiskala eta Euskal Autonomia Erkidego osoko ahalegin fiskalaren arteko harremana. Lurralde historikoen artean Ekarpenak banatzeak banaketa horizontala izena du.
Baliabideak banatzeko eta lurralde historiko bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorrari egin beharreko ekarpenak zehazteko metodologia onartzeko gutxienezko aldiak, hiru aurrekontu‑ekitaldietarakoak dira.
Martxoaren 23ko 2/2007 Legeak, onartzen du Baliabideen Banaketarako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko Foru Aldundien Ekarpenak zehazteko metodologia, 2007-2011 urteetako aldiari aplikatzekoa.
Bestalde foru aldundietatik toki-ogasunera finantza-isuriak izango dira, Ekonomia Ituna kudeatzetik eratorritako baliabideetan udalerriek parte hartzeagatik. Haien banaketa Lurralde historiko bakoitzean dagozkion Batzar Nagusiek onartutako foru-arauek arautuko dute. Finantzaketa hau toki zergak kudeatzetik eratorriaren osagarria da, eta beronen araudia ere lurralde historikoetako Batzar Nagusiek onartzen dute, Ekonomia Itunarekin bat etorriz.
Ekarpenei buruzko Legea 2007-2011 (pdf, 136 kB)
(2/2007 Legea; EHAA 70 zk., apirilaren 12koa eta EHAA 80 zk., apirilaren 26koa)
|