Europar Batasunak jakin badaki komunikabideen parte hartzea ezinbestekoa dela Europa eraikitzeko.
Hala eta guztiz ere, ezin uka europar herritarrek informazioa falta dutela: gehienek adierazten dute oso-oso gutxi edo kasik ezer ez dakitela Europari buruz. Eta europarrek komunikabideak jotzen dituzte, besteak beste, ezjakintasun horren erantzule.
Bestalde, hedabideek ontzat jotzen dituzte Europako erakundeek informazioa erraztearren bultzatutako ekimen batzuk, esate baterako "Komunikazioari buruzko politika europarraren liburu zuria", baina oraindik ere ez dute oso argi ikusten erakundeek zer dela-eta ematen dizkieten halako erraztasunak berriemaileei, ez eta informazio hori nola eskaintzen zaien ere.
Hortaz, galdera batzuk sortzen dira: Zein paper izan behar dute Europako komunikabideek Europar Batasuna eraikitzen? Informazioa emateko lanak erraztu nahian, Batasuneko erakundeak ez al dabiltza erakunde-propagandaren mugan? Europar Batasuneko erakundeek ematen duten informazioa zenbateraino da interesgarria bai komunikabideentzat eta bai ikus-entzuleentzat? Nola hel daiteke EB gizartera komunikabideen bitartez? Labur esateko: posible da bakarrizketa instituzionala atzean utzi eta europarrekin elkarrizketa bultzatzea?
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatutako jardunaldi honen bidez, prentsak Europa eraikitzen izan behar lukeen paperari buruz eztabaida bultzatu nahi dugu erakundeen, komunikabideen, gizarte-elkarteen eta herritarren artean.
Jardunaldiaren emaitzak biltzeko, konklusioen dokumentua prestatuko da. Dokumentu horretan zenbait ideia jasoko dira nolabait definitzeko zer-nola jokatu behar lukeen prentsak Europar Batasunaren proiektuaren berri gizarteari emateko lana ahalik eta ondoen egiteko. Dokumentua Europar Batasuneko erakundeei helaraziko zaie: Euskadik D Planari (Demokrazia, Elkarrizketa eta Eztabaida) egingo dion bigarren ekarpena izango da; finean, Europaren etorkizunari buruzko hausnarketari euskaldunok egingo diogun ekarpena.