|
| Lehendakaria, eman duen hitzaldian (J.B.) |
Akitania-Euskadi Plataforma Logistikoa bezalako proiektu baten helburua "Euroeskualde" bat sortzea eta historian mugek sortu dituzten orbainak gainditzea dela adierazi du Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak. Helburu hori lortzea funtsezkoa da, bere aburuz, Euskadiren eta Akitaniaren bilakaeran. "Elkarrekin indartsuagoak gara eta hobe pentsatzen dugu", esan du.
Atlantic Logistic Forum (ALF) foroaren inaugurazioan esan ditu hitzok Ibarretxek. ALF Arku Atlantikoko merkataritzaren, garraioaren eta logistikaren mugaz gaindiko foroa da, Akitania-Euskadi Plataforma Logistikoak antolatutako eztabaidarako gune bat, eztabaidak garatzea, interesak elkar trukatzea, akordioak lortzea eta eragiketak eta negozioak burutzea xede duen espazioa
Egungo krisialdi ekonomikoa gainditzeko egoeraren araberako neurriak beharrezkoak direla baieztatu du Lehendakariak, baina ohartarazi du ezin direla Euskadi-Akitania Plataforma Logistikoa bezalako proiektu estrategikoak alde batera utzi, "gaur inoiz baino beharrezkoagoak" direlako etorkizunari aurre egiteko. "Duela 19 urte aukera estrategiko bat izan zena gaur beharrizan bat da", azaldu du.
Halaber, 2005ean Euskadik eta Akitaniak Europako interes ekonomikoen mugaz gaindiko lehen elkartea sortu zutela eta elkartea egun oraindik Europako bakarra dela gogorarazi du eta hori, bere iritziz, "abantaila" handi bat da.
Trena
Lehendakariaren aburuz, egungo edozein politikaren helburu nagusietako bat giza garapen iraunkor bat lortzea da, eta horretarako funtsezkoa da garraio eta logistika sistema jasangarri bat izatea. Hori lortzeko, beharrezkoa da alor horretan teknologia eta berrikuntza politikak sustatzea, inbertsioak eginez. Eta, hain zuzen, hori da, adierazi duenez, krisialdiari aurre egiteko bere Gobernuak sustatuko duen neurri nagusia, I+G+i alorrean inbertitzea. "Garraiobideen alorrean teknologian inbertitzen duenak aukera handiak izango ditu", azaldu du Ibarretxek. "Inbertsio garrantzitsu bat egin behar dugu, jasangarritasunaren ikuspuntutik etorkizun ezberdin bat izateko", gaineratu du.
Trenak suposatzen duen aurrerapena ukatzea arduragabekeria handi bat da Lehendakariaren ustetan. Urte askotan zehar "trena ahaztuta izan" dugula aitortu ostean, trenbide azpiegitura berri batean inbertitzearen beharra defendatu du Ibarretxek. Azpiegitura berri horri esker, praktikan Europako metro handi bat sortuko dela adierazi du Lehendakariak, pertsonak eta salgaiak garraiatuko dituen tren bat, "gure herriak elkarrekin eta munduko gainontzeko lekuekin" batuko dituen tren bat. "Etorkizuna trenean dago", azpimarratu du.
Horren harian, intermodalitatearen proiektua eta egungo zenbakiak aldatzea funtsezkoa dela uste du, izan ere, trenez egiten den garraioa %3a besterik ez da Euskadin, "eta hori astakeria bat da" bere iritziz.
Hala ere, horrek ez du esan nahi errepidea alde batera utzi behar denik. "Sistema orekatu bat nahi badugu, errepidea zentzuz erabili behar da", gaineratu du.
|