Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2008/10/10
Eusko Jaurlaritzak Oteiza omenduko du bere jaiotzaren lehen mendeurrenean
Eusko Jaurlaritzak Oteizaren Oroimenezko ekitaldia antolatu du datorren urriaren 20rako, Donostiako Miramar Jauregian, bere jaiotzaren mendeurrenaren bezperako. Ekitaldian, Nestor Basterretxeak, Julia Otxoak, Rikardo Ugartek, Hasier Etxeberriak eta Oskarbi musika taldeak parte hartuko dute, Kultura sailburuarekin batera eta ekitaldiaren buru, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria izango da.

Jorge Oteiza Enbil bera gogoan, Eusko Jaurlaritzak Oteizaren jaiotzaren ehungarren urteurrenaren harian Oroimenezko ekitaldia antolatu du datorren urriaren 20rako, bere jaiotzaren mendeurrenaren bezperako. Horren berri eman du Gurutz Larrañaga Kultura sailburuordeak ETB3 berria aurkezteko Bilbon egin prentsaurrekoan. Miramar Jauregian, Julio Caro Baroja areto nagusian 19:00etan, burutuko den ehun urte eta Oteiza gogoan Oteizaren Oroimenezko ekitaldian, Nestor Basterretxeak, Julia Otxoak, Rikardo Ugartek, Hasier Etxeberriak eta Oskarbi musika taldeak parte hartuko dute, Kultura sailburuarekin batera eta ekitaldiaren buru, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria izango da.

Gurutz Larrañaga Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak esan duenez, urriaren 21an ehun urte beteko dira Orion Jorge Oteiza Enbil jaio zenetik. Artistak mundua aldatzen dute, hori da artearen indarra, baina "gutxitan" gertatu da Oteizak izan duen bezalako "eragina".

Ezten kulturala

Larrañagaren iritziz, sortzaile "paregabea", artista aurreratua izan zen, bere artea oraindik orain "egungoa da", garaikidea. "Sortu zituenean Oteizaren lanak abangoardia ziren, oraindik orain abangoardia dira eta atrebituko nintzateke esatera ehun urte barru abangoardia izango direla".
"Gizarteen historian gutxitan gertatzen den suertea izan du gureak, Oteiza bezalako maisua izatea. Haren artelanak,Arantzazuko apostoluen eskultura multzoa, kutxa metafisikoak eta beste hainbat, gizarte honen imaginario sakonaren parte dira", nabarmendu du sailburuordeak, zeinaren ustez, hala ere, Oteizak ez zituen bakarrik espazioa eta materia landu, arte plastikoa landu zuen bai, baina bere eragina "harantzago doa". Oteizak akuilatzailearen lana hartu zuen, herri honek "lozorrotik irteteko" behar izan zuen "akuilua izan genuen Oteiza". Koldo Mitxelenak idatzi zuen moduan: "Orrelako akuilatzailleren baten premian geunden, gure buruari ederretsiz lizunduko ezpagiñan. Aruntzago, gorago, bulkatu nai ginduzke, eta bultzada gogorren bearrean gera lozorrotik irten eta norabait mugitzeko".

Oteizaren arnasarekin ezagutu zuen gure kulturak berpizkundea. 1963an argitaratutako bere "Quosque Tamden" "Interpretación estética del alma vasca" liburu handiak lurrikara handia eragin zuen eta haren eragina kulturgintzaren alde guztietan zabaldu zen: artean, musikan eta kantagintzan, arte eszenikoetan, zinean edota literaturan... Eta eragina nabaria izan zen euskaran ere. Oteizarentzat  estetitka zen bestelako egiten gaituena eta honetan bi ziren zutabeak, neolitotik datorkigun harrespil hutsa eta  gure hizkuntza. 

Guzti hori eta Jorge Oteiza bera gogoan, Eusko Jaurlaritzak Oteizaren jaiotzaren ehungarren urteurrenaren harian Oroimenezko ekitaldia antolatu du datorren urriaren 20rako, bere jaiotzaren mendeurrenaren bezperako. Miramar Jauregian, Julio Caro Barajo areto nagusian, burutuko den ehun urte eta Oteiza gogoan Oteizaren Oroimenezko ekitaldian, Nestor Basterretxeak, Julia Otxoak, Rikardo Ugartek, Hasier Etxeberriak eta Oskarbi musika taldeak parte hartuko dute, Kultura sailburuarekin batera eta  ekitaldiaren buru, Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria izango da. 

Bilbo, 2008ko urriaren 10ean