Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2008/10/09
Iratxe Jaio & Klaas Van Gorkum, Asier Mendizabal eta Xabier Salaberria GURE ARTEA Sarien irabazleak
Hamabi artistaren beste horrenbeste artelanek osatzen dute ikusgai den GURE ARTEA 2008 talde erakusketa Bilboko Rekalde aretoan

Iratxe Jaio/Klaas van Gorkum-ek, Asier Mendizabalek eta Xabier Salaberriak .irabazi dute 2008. urteko GURE ARTEA saria, Euskadiko arte plastikoetarako sari nagusia.  Erabakia gaur eguerdian jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuak eta sarietako epaimahaiak Gure Artea 2008 talde erakusketaren aurkezpenarekin batera. Bilboko Rekalde aretoan gaurtik (urriaren 9a) azaroaren 30ra arte ikusgai den talde erakusketa honetan Gure Artea sarietarako XX. ediziorako aukeratuak izan diren 12 artista hauen artelanak - beste erakusketetan aurkeztutakoak batzuk eta oraindik ikusi gabeak besteak- daude ikusgai: Lorea Alfaro, Atoma, Nadia Barkate, Inazio Escudero, Mikel Eskauriaza, Iñaki Imaz, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Maider Lopez, Asier Mendizabal, Kiko Pérez, Xabier Salaberria eta Manu Uranga, guztiak 1965 eta 1982 artean jaioak.

GURE ARTEA biurteko sariak Euskal Herrian Arte Plastikoen alorreko sari nagusiak dira. Eta artisten parte hartzea kontuan izanda arte plastikoak gurean duen osasuna neurtzeko tresna apartak dira. 1982an deitu zituelarik lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, sariek Arte Plastiko eta Ikus Arteko sormena bultzatu nahi dute eta horrekin batera artistak egindako lanen zabalpena eragin, Euskadin nahiz Euskaditik kanpo. Horrez gain, artisten lana eta bilakaera ezagutzera ematea dute xede. Bi hamarkadatik gorako ibilbidean, Gure Arteak, urterik urte, gure herriko artearen panorama zabaletik sortzailerik nabarmenenak biltzea lortu du eta sortzaile horiek beren obrarik adierazgarrienetako asko eta asko eman dituzte.
Iratxe Jaio/Klaas van Gorkum, Asier Mendizabal eta Xabier Salaberria. XX. Gure Artea sarien irabazle izan diren hiru artista hauen lanekin osatuko da GURE ARTEA ibiltaria, erakusketa hau datorren urtean erakusgai izango da Arabako Artium-en eta  ondoren irabazleek atzerrian Gure Artea erakusketa ibiltaria gauzatuko dute. Bi erakusketa hauek, gaur ireki den GURE ARTEA kolektiboa zein datorren urteko irabazleen kolektibak, zabalpenerako katalogo eta txostenekin hornituko dira.

Hiru irabazletako bakoitzak 16.666 euroko sari bana jasoko du. Diru eta errekonozimendu horrekin batera, GURE ARTEAk zabalpena areagotu nahi du eta horretarako da orain zabaltzen den GURE ARTEA 2008 talde erakusketa eta datorren urtean antolatuko den GURE ARTEA sarituen kolektiba.
Sarien XX. aldi honetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Miren Jaio (Bermeo, 1968) arte kritikaria aukeratu dute epaimahaiaren  presidentea eta erakusketen komisarioa eta berarekin epamahaikide izan dira Anna María Guasch (Universitat de Barcelona-n Arte Garaikidearen Historiako irakasle titularra), Pablo Lafuente (kritikaria eta Afterall aldizkariaren managing director) eta Carla Zaccagnini (artista eta São Pauloko Kultura Zentroko komisarioa). Edizio honetan Euskadiko 114 artistek aurkeztu dituzte txostenak eta horien artean horretarako osatu den epaimahaiak 12 artisten lanak aukeratu ditu Gure Artea erakusketa osatzeko eta horien artean erabaki dira aurtengo sarietako irabazleak.

GURE ARTEAk egungo euskal arte plastikora hurbiltzeko parada eskaintzen du eta bide horretatik egungo artea eta artistak ezagutzeko eta espresiobide berriak ikusteko aukera ezin hobea da. Aukeratutako 12 artisten lanekin antolatu den GURE ARTEA 2008  talde erakusketa Bilboko Rekalde aretoan ikusgai da gaurtik (urriaren 9tik) azaroaren 30ra arte.  Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatu duen erakusketa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eta babesa du. Halaber, azaroaren 14,18 eta 20ean, hiru solasaldi egingo dira irabazleetako baten eta epaimahaikide baten artean.

Artelanen deskribapena
Denboraren poderioz, ahalegina egin da sariak jardute artistikoan dauden egoera aldakorretara egokitzeko. Hala, bada, orain dela hogeita sei urte, saria diziplinako kategoria desberdinetan antolatzen zen, baina orain ez da horrela egiten. Bestalde, euskarriaren berariazkotasuna era nabarian agertzen da erakusketa honetan. Izan ere, batera bildu dira pintura, eskultura, marrazketa, bideoa, performance-a eta argazkia, eta hautatutako artista batzuk, gainera, diziplina zehatz batean nabarmentzen dira. Berariazkotasun horrek, "ordenara itzuli" dela baino gehiago, hauxe ematen du aditzera: euskarriak ez duela garrantzirik jardute artistikoa azaltzerakoan, euskarritik harantz doazen ekoizpen-moldeek eta egiteko moduek zehazten baitute jardute hori.

Erakusketan, jardute artistiko garaikideari dagozkion gaiak agertzen dira. Adibidez, prozesu dokumentala, lan egiteko prozesuko zati gisa hartuta: Ion Arregik (Donostia, 1982), Aitor Bengoetxeak (Azpeitia, 1981) eta Martin Ferranek (Donostia, 1981) osatutako Atoma taldeak gertaera jakin bat isolatzen du Kea lanean, kea, hain zuzen. Hala, bada, dituen adierazpen ugarietan aztertzen du kea (irudi generikoa, taldearen imajinarioko eta jai-giroko imajinarioko zatia, suteak itzaltzean aztertutako errealitate fisikoa) eta formalizazio desberdinak eskaintzen ditu. Bestetik, Hemendik hona artelanean  Iratxe Jaiok (Markina, 1976) eta Klaas van Gorkum-ek (Delft, 1975) zehatz aztertzen dute Vitoria-Gasteiz bezalako hiri txiki batean hirigintza-arloko plangintzak zer-nolako eragina duen bizitzeko moldeetan. Administrazioko aparatuaz gain, beste forma batzuk ere (komunikabideek edo kontsumorako tresnek eraikitzen duten fikzioa) lagungarriak dira norbanakoaren eta taldearen existentzia normatibizatzeko.

Era berean, paisaian egindako esku-hartzeak ikusiko ditugu erakusketan, hala paisaia naturalean nola hiriko paisaian egindakoak: Enekuri P-L Sign lanean, industria ondoko ingurune berberaren hainbat argazki ditugu; argazki horietan, Mikel Eskauriazak (Bilbo, 1969) ezer iragartzen ez duten lema batzuk jartzen ditu zementuko zabortegi baten gainean. Testua irudiaren gainean jartzean, arrozteko sentsazioa sortzen da. Football Field Maider Lópezek (Donostia, 1975) egindako bideo bat da. Bideoak ondo jasotzen du hiri bateko gune zehaztutan eta arautuan egindako esku-hartze baten ondorioa. Arabiar Emirerri Batuetako hiri bat agertzen da, Sharjah izenekoa, eta, bertako plazaren erdian, aretoko futbol-zelai bateko lerroen trazadura. Lerroen trazadura horrek haustura sortzen du, guneari buruzko esperientzia berri bat sorrarazten du, eta esperientzia horrek ia ez du ezertan eteten eguneroko bizitzaren joan-etorria.

Gune irekiak alde publikoaren ohiko ingurunea dira, eta argi leunez argiztatutako gelak, berriz, alde pribatuaren ingurunea dira. Hera Piadosa lanean, bikoteen eszenak agertzen dira, modu serialean, argi mehez apaindutako geletan. Manu Urangaren bideoan (Zumaia, 1980), beste gune itxi eta argiztatu bat agertzen zaigu, kirol-pabiloi bat, hain zuzen, eta, bertan, pornoaren industriako azoka bat egiten ari da. Lan honetan aditzera ematen da alde publikoaren eta alde pribatuaren kategoriak urtuta daudela.

Xabier Salaberriaren (Donostia, 1969) eta Kiko Pérezen (Vigo, 1982) lanen erreferenteetako bat formalismoaren hiztegia da. Salaberriaren eskultura-objektuek eskultura, arkitektura eta diseinu modernoko errepertorioaren eragin nabaria dute. Objektu horiek gaur egungo esperientziak bere-berezkoak dituen ezaugarri batzuk dituzte agerian, esate baterako, haien desegokitasuna eta beste bat izateko gaitasuna. Hala, Salaberriaren Part II of an Unbuilt Project lana ez da eskultura minimal bat, baina apalategi bat ere ez da. Era berean, Es muss sein! lanean, geometria eta kolorearen bizitasuna nabarmentzen dira. Pérezek berariaz egindako horma-irudi hori rekalde aretoaren atzealdean dago, eta badirudi lotura duela minimalaren forma autonomoekin eta axolagabeekin. Alabaina, irudiaren sorburua kultura-forma bat da, egunerokoa eta arrunta denez, ia ikusezin bilakatu den forma bat: garajeko ate bat.

Bestetik, pintura da Iñaki Imazek (Donostia, 1965) aukeratu duen euskarria. Ellos serieko El que manda aquí II serieetan, artistak pinturako motibo klasikoen -esate baterako, mendiaren edo gizakiaren begitartearen- errepikapena eta, hasieran behintzat, barregarria den tratamendu bat hartzen du abiaburutzat. Jardute subjektiboa den aldetik, pintura da jardute artistikoak dituen kontraesan jakin batzuk hobeto islatzen dituen euskarria. Imazi pintura baliagarria zaio "barnekotasun ("nia") eta kanpokotasun ("bestea") ideien arteko harremana miatzeko.

Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) Necesito me hipnoticen izeneko seriea aurkezten du. Serie horretan, batera nahasten ditu trazaduraren adierazgarritasuna eta telebistatik, aldizkarietatik eta YouTube-tik jasotako irudien kopiaren fideltasuna. Hogeita hamar marrazkitan, lauoinka doazen zaldien eta emanaldi erdian dauden kantarien eszenak korapilatzen dira. Forma, gai eta keinu aldeko saturazioa lortzen du, eta saturazio horrek marrazteko ekintzari berari erantzuten dio, marraztea ekintza performatiboa den aldetik. Era berean, Pegada lanean, Lorea Alfarok (Lizarra, 1982) sakabanatuta dauden hainbat osagai gainjartzen eta metatzen ditu. Jaietan eta ospakizunetan dauden gazteei egindako argazki horiek elkarri lotuta daude, muntatze-lan hauskor baten bidez; eta lan horrek formen, motiboen eta egituren erritmoko harremanen sail oso bat sorrarazten du. Argazkiak elkarren ondoan aurkezten ditu, eta hala, irudietan agertzen diren denbora desberdinek esperientzia bitxi bat sorrarazten dute, aldiberekotasuna, hain zuzen.

Inazio Escuderoren (Bilbo, 1972) Anplia lanean, ez dira alderantzikatzen bideoaren eta performance-aren arteko harremanean normalean izaten diren baldintzak. Alabaina, logika berri bat sortzen du; eta logika horrek baliorik gabe uzten ditu konbentzioa edo ohitura dela-eta baliagarritzat jotzen diren arrazoibideak. Hala, bada, Anplia lanean, bideoak ez du performance-a filmatzen; izan ere, performance-a da bideoa ekoizten den tokia. Kontu desberdinak dira, baina, denbora aldetik eta kausalitatez bananduta daudenez, biak kontu bera dira azken batean. Bestetik, Asier Mendizabalek (Ordizia, 1973) zeinuak lekualdatzeko prozesuak lantzen ditu. Bigger than a cult, smaller than a mass (one, two backdrops) lanean, atzealdeko bi oihal, orain dela gutxiko egunkari batzuk eta hainbat herrialdetako zenbait bandera agertzen dira, hormaren gainean jarrita. Azken oihalean, The Clash taldearen kontzertu bat agertzen da. Txatal guztiak lotzean, taldearen edo gizartearen amets bikoitz bat azaltzen da: rock-aren liturgiaren ametsa eta nazioarteko ezkerrarena.

Erakusketarekin batera, Gure Artea 2008 katalogoa argitaratu da. Katalogoaren testuan, errepikapena aztertzen da, esperientzia garaikidearen izaera den aldetik.
Beraz, GURE ARTEA 2008 talde erakusketa guzti horren talaia da, non euskarri desberdinetan eraikitako arte lanak eta sortzaileen kontzeptu eta ideia berriak ikusgai diren. Ez da bide bakarreko erakusketa, askotarikoa baizik. Artelanaren bitartez, artista bakoitzak bere ikuspuntua eskaintzen digu eta aniztasun horretan eraiki da GURE ARTEA erakusketa.

Hauek dira GURE ARTEA 2008 talde erakusketako artistak alfabetikoki ordenatuak:

-Lorea Alfaro (Lizarra-Estella, 1982)
-Atoma (Ion Arregi -Donostia, 1982-, Aitor Bengoetxea -Azpeitia, 1981), Martín Ferrán (Donostia, 1981)
-Nadia Barkate (Bilbo, 1980)
-Inazio Escudero (Bilbo, 1972)
-Mikel Eskauriaza (Bilbo, 1969)
-Iñaki Imaz (Donostia, 1965)
-Iratxe Jaio y Klaas van Gorkum (Markina, 1976)
-Maider López (Donostia, 1975)
-Asier Mendizabal (Ordizia, 1973)
-Kiko Pérez (Vigo, 1980)
-Xabier Salaberria (Donostia, 1969)
-Manu Uranga (Zumaia, 1980)

Bilbo, 2008ko urriaren 9an

GURE ARTEA 08 artista finalisten biografiak (pdf, 107kb)