Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Kultura Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2008/07/14
Etxepare Euskal Institutua abian.
Etxepare Euskal Institutuaren Patronatua osatu da. Etxepare Euskal Institutua abian. Euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena xede.

Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria buru duela osatu da Etxepare Euskal Institutuaren Patronatua, berau 31 lagunek osatzen dute, horietako bat aurrerago izendatuko den Institutuaren Zuzendari nagusia. Gaur Lehendakaritzako egoitzan egindako bilera honekin Patronatua osatu eta bere lehen bilera egin du, horrekin Etxepare Euskal Institutua, euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena xede duen erakundea eratu eta abian delarik.

Eusko Legebiltzarrak 2007ko apirilaren 20an onartutako 3/2007 Instituto Vasco Etxepare Euskal Institutua/Basque Institute sortze eta arautzeko Legeak sortu zuen, Jaurlaritzaren maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak bere Antolakuntza eta Jarduera Araudia ezarri zion eta Jaurlaritzaren ekainaren 24ko Dekretuak izendatu zituen Patronatuaren kideak. Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da eta euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpena du xede eta alde horretatik bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen dituen hizkuntza eta kultura alorreko zabalpenerako lanak.

Etxepare Euskal Institutuaren xedeak euskara eta euskal kulturaren mundu zabalpenarekin lotzen dira, Beñat Etxeparek esan zuen “jalgi hadi mundura” leloaren bidetik. Hori horrela Etxepare Euskal Institutuak honako xedeak ditu:

a) euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera munduan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz; euskara nazioartean onartua izan dadin laguntzea eta sustatzea; eta jarduera horiek hedatzen eta horien kalitatea hobetzen lagunduko duten behar adina neurri eta ekintza sustatzea.

b) Euskal kultura, herri honetan sortutako kultura kanpora hedatzen laguntzea bere forma guztietan

c) Gure herriaren errealitatea euskaraz hitz egiten duten mundu osoko kolektibitateetara hurbiltzea, baita euskal komunitateak dauden edo harreman historiko kulturalek edo komertzialek hala gomendatzen duten herrietara ere.

Etxepare Euskal Institutuak bi arlo sektorialetan antolatzen du bere burua euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenerako xedea betetzeko:

a) Euskal kulturaren sustapena eta zabalpena

b) Euskararen sustapena eta zabalpena

Euskal kulturaren sustapen eta zabalpen arloaren baitan uztartzen dira musika, arte eszenikoak, ikus arteak, zinema, arkitektura eta diseinua eta alor honen betekizunak honakoak izango dira:

a) euskal sorkuntza artistikoaren zabalpena nazioartean

b) artistak eta hauen lanak munduan zehar zabaltzea

c) nazioartean kultur erakustaldiak antolatu

d) arteen zabalpenerako ekintzabide estrategikoak bultzatu

e) euskal sorkuntza kanpoan ezagutzera emateko kultur eragileen sustapena

f) euskal literatura, jakintza eta ikerketa kanpoan ezagutzera eman horien zabalpena sustatuz

g) Euskadiko kulturaren eta bereziki euskarazko eskaintzaren kanpo zabalpena bultzatu

h) Pentsalari eta ikertzaileen arteko hartu emanak bultzatu

i) Hizkuntza eta kultur aniztasunari buruzko euskal egileen nazioarteko ezagutza sustatu

j) Euskal kulturaren kanpo zabalpenaren alorrean lanean diren eragileei laguntza eskaini

Euskararen sustapen eta zabalpenaren arloaren baitan Etxepare Euskal Institutuak euskararen irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza bultzatuko du eta arlo honek honako funtzioak izango ditu:

a) Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskararen ikerketa eta ikasketak bultzatu, lektoradoak eragin eta euskararen ikertzaile eta euskal ikaskuntzen erakundeei laguntza eta babesa eman

b) Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu munduan zehar diren euskal gizataldeetan, euskal etxeen laguntzarekin eta hauen bitartez

c) Beste erakundeekin elkarlanean, Euskal Herritik kanpoko euskara ikasi ahal izateko beharrezkoak diren giza, hizkuntza eta didaktika beharrak bideratu

d) Euskal Herritik kanpoko irakaskuntza behar horietarako tokian tokiko euskarazko irakasleen prestakuntza bideratu

e) Antolatu euskara ezagutza-egiaztagirien azterketak Euskal Herritik kanpo

f) Euskararen presentzia ahalbideratzeko hizkuntza eta kultura erakustazoka nagusienetan parte hartu

g) Euskararen kanpo zabalpena xede izanda sustapen ekintzak koordinatu gaztelania, katalana eta gailegoa zabaltzea xede duten Institutuaren gisa bereko erakundeekin

h) Euskararen kanpo sustapenerako ekintzak euskararen lurraldeko beste erakunde publikoekin koordinatu

i) Elkarlana izan euskararen normalkuntza xede duten erakundeekin

j) Euskararen eta euskarazko sorkuntzaren zabalpena xede izanda, elkarlana bultzatu Unibertsitate edo eta bestelako erakunde publiko eta pribatuekin

k) Euskararen kanpo zabalpena egiten duten erakunde publiko eta pribatuei laguntza eman

l) Teknologietan oinarritutako euskararen kanpo zabalpena bultzatu

Etxepare Euskal Institutua Eusko Jaurlaritzaren kanpoko ekintzaren eta hizkuntza- eta kultura-politikaren esparru orokorrean gauzatuko ditu bere jarduerak, euskararen normalizazioan aritzen diren erakundeekin lankidetza-harreman sendoak izaten saiatuko da eta bere jarduerak koordinatuko ditu administrazio publikoek egiten dituztenekin, bai eta erakunde publikoaren helburuetara zuzendutako instituzio guztiek egiten dituztenekin, bereziki, euskal komunitate linguistikoa dagoen lurraldeetako erakundeetakoekin.

Bere xedeak betetzeko Etxepare Euskal Institutuak, bere ekimenez edo hirugarrengo batekin elkarlanean, euskara irakasteko ikastaroak sortu, sustatu eta antolatuko ditu eta horrekin batera, Administrazioak euskararen ezagutza egiaztatzeko onartuta dituen probak antolatuko ditu, euskara hedatzea helburu duten ekintzak sustatu eta gauzatuko ditu zuzenean eta sare telematikoen eta teknologia berrien aukeren bitartez; euskara eta euskal kulturaren kanpo zabalpenari begira, euskara eta euskal kulturaren ikerketa eta irakaskuntza Euskaditik kanpoko unibertsitateeta bultzatuko du lektoradoak eta eusko ikaskuntzen ikasketei laguntza emanda eta atzerriko ikerketa-zentroekin elkarlana bultzatuz. Kultura eta hizkuntzen alorrekin zer ikusia duten azoka eta ferietan parte hartuko du. Horrekin batera, kultur produkzio eta espresio desberdinen mundu zabalpena bultzatuko du eta hedapen kulturaleko jarduerak estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekin eta herrialde anfitrioietako erakundeekin elkarlanean egingo ditu.

Sortze Legeak aurreikusi moduan, Etxepare Euskal Institutua Kultura sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da. Etxepare Euskal Institutuaren organo nagusiak Patronatua, Zuzendaritza Kontseilua eta zuzendaria dira.

Gaur osatu den Patronatuak honako osaera du egun:

1.- Patronatuko berezko kideak:

  • Lehendakaria den Juan Jose Ibarretxe Markuartu jauna.
  • Kultura sailburua den Miren Azkarate Villar andrea.
  • Kanpoko ekintza, kultura, hezkuntza, hizkuntza-politika eta ogasun eta herri-administrazioaren arloan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko sailen ordezkari gisa:
    • Iñaki Aguirre Arizmendi jauna.
    • Gurutz Larrañaga Zubizarreta jauna.
    • Ibone Amezaga Arregi andrea.
    • Patxi Baztarrika Galparsoro jauna.
    • Karmelo Arcelus Mugica jauna.
  • Foru Aldundi bakoitzaren ordezkari gisa:
    • Josune Ariztondo Akarregi andrea, Kultura diputatua.
    • Maria Jesus Aramburu Orbegozo andrea, Kultura diputatua.
    • Lorena Lopez de la Calle Arizti andrea, Kultura diputatua.
  • Institutuaren zuzendaria. Idazkari gisa arituko da, hitzarekin baina botorik gabe. (Zuzendariaren izendapena ondoren gauzatuko da)

2.- Patronatuko kide ez-berezkoak:

a) Euskal letren, filologiaren eta kulturaren ordezkariak:

  • Andres Urrutia Badiola jauna.
  • Javier Retegi Ayastuy jauna.
  • Ludger Mees jauna.
  • Nekane Arratibel Insausti andrea.
  • Roberto San Salvador del Valle Doistua jauna.
  • Mª Jose Olaziregi Alustiza andrea.
  • Marta Monfort Ayestaran andrea.
  • Filgi Claverie Michelena jauna.
  • Miren Jaio Atela andrea.
  • Josu Erguin Aranburu jauna.
  • Jon Bagües Erriondo jauna.
  • Jean Etchegoin Elissagaray jauna.
  • Koldo Martinez Urionabarrenetxea jauna.
  • Itziar Idiazabal Gorrotxategi andrea.
  • Aurkene Alzua Sorzabal andrea.

b) Kulturaren sektore profesionalen ordezkariak, Eusko Legebiltzarrak proposatuta:

  • Luis Mª Mujika Urdangarin jauna.
  • Iñaki Arteta Orbea jauna.
  • Alma Fernández Alonso andrea.
  • Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria jauna.
  • Jose Luis Lizundia Askondo jauna.

Patronatua osatuta gero, Zuzendaritza Batzordea osatuko da eta ondoren Zuzendaria Nagusia izendatu. Era honetara lanean hasiko da Etxepare Euskal Institutua.

Etxepare Euskal Institutuaren egoitza nagusia Donostian izango du, Tabakalera eraikinean, eta munduan zehar ordezkaritzak eta mendeko zentroak eduki ahal izango ditu bere helburuak betetzeko. Horretarako, merkataritza-sozietateetan, fundazioetan edo irabazi-asmorik gabeko erakundeetan parte hartu ahal izango du beharrezkoa denean, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurreko baimenarekin.

Lehendakariaren hitzaldia (pdf, 82 Kb)

Prentsa-aurrekoaren irudiak.

- Irudi 1

- Irudi 2