|
|
Idoia Zenarruzabeitia lehendakariorde eta Ogasun eta Herri Administrazioetarako sailburuak, Miren Azkarate Kultura salburuak eta Andoni Ortúzar EITBko zuzendari nagusiak EITBren 2007-2010 aldirako Programa-Kontratua sinatu dute gaur eguerdian Gasteizko Lehendakaritzan.
Kultura eta Ogasun eta Herri Administrazio sailek EITBrekin landu duten Kontratu-Programa honen indarraldirako alderdirik garrantzitsuenetako bat da lurreko telebista digitalaren emanaldien behin betiko ezarpena eta emanaldi analogikoen desagerpena (2010eko apirilerako aurreikusia); bai eta, irrati- eta telebista-programen komunikazio eta transmisioko kanal berrien agerpena ere. Kanal berri horiek komunikazio-panorama eraldatzen ari dira eta, besteak beste, EITBk gomendaturik duen irrati-difusioko zerbitzu publikoa betetzeko bideak berriro zehaztera behartzen ari da. Izan ere, teknologia berrien digitalizazio eta ezarpenaren ondoriorik nabarmenenetako bat da telebista-eskaintza zabaltzea eta eskaintza hori ere izaera publikoko beste zerbitzu batzuen eskaintzarekin bateragarri egitea (irrati-saioak transmititzea, interneteko kanalak eta "administrazio elektroniko" delakoari loturiko euskarri edo zerbitzu berriak)..
Ondorioz, programa-Kontratuaren baitan, EITBk, irrati eta telebista alorreko zerbitzu publiko gisa, hainbat konpromiso hartzen ditu bere gain:
- Hauen artean aipatzekoak dira, programazio eta edukien alorrean, euskarri desberdinetan, kalitatezko eta zerbitzu publikoko programazio zabala eta anitzaren aldeko jarrera. Horren ondorioz, arian-arian, informazio, hedapen eta kultur alorretako programazioa areagotzen joango da.
- Horrekin batera, euskararen eta hizkuntza normalizazioaren aldeko neurriak eta euskaraz egindako irrati eta telebista sendotzeko bideak zehazten dira.
- EITBk euskal ikus-entzunezko ekoizpena, sormena eta alorra, oro har, garatzeko konpromisoa hartzen du, arloko enpresa nagusi gisa elkarlanean edukiak eta egitasmoak garatuko ditu eta barne produkzioa eta beste enpresekin formatu, sistema eta euskarri desberdinetan, Euskadin ekoiztutako programa sustatuko ditu eta alorrean inbertsioak bultzatuko ditu.
- Irrati Telebista publikoaren egin beharren artean Euskadi jakintza eta informazio gizartean egoki txertatzeko aurrera pausuak ematea azaltzen da.
- Azkenik, EITBk, bere konpromisoen artean, bikaintasuna helburu, zerbitzuaren kalitatezko kudeaketa egitea, langileen prestakuntza areagotzea eta finantziazio bideak ugaltzea zehazten ditu.
2007-2010 aldirako Kontratu-programaren indarraldian EITBk zabalpen digital bitarteko kanal berriak zabalduko ditu, horrek dakarren egokitzapenekin hori horrela lur uhinen bidez zabalduko den irrati eta telebistako programazioko edukiak honako puntu hauetara egokitu beharko dira.
1. ETB-1
- Erreferentziako TB generalista normalizatua, euskara hutsezkoa. Oraingo programazioko ildo nagusiak mantenduz, hau egingo da:
- Informazio-programazioa indartu, albistegien ordutegiei eta iraupenari erreparatuz, arreta berezia eskainiz bertako eta inguruko informazioari, lurralde-informazioari eta informazio-tarteak handituz.
- Filmen bikoizketa-programazioko orduak gehitu, audientzia gazteari lehentasunez erantzuteko.
- Audientziaren parte-hartzea indartu.
- Audientzia euskaldunaren aldetik euskara lantzeko eta hobetzeko programazioa garatu.
2. ETB-2
- TB generalista, nagusiki gaztelaniazkoa. Oraingo programazioko lerro orokorrak mantenduz, hau egingo da:
- Euskara zenbait saioetan txertatu, adibidez, albistegietan, euskara parte-hartzaile batzuen (ez programa-gidarien) erabilera-hizkuntza moduan errespetatuz.
- Euskarazko eta gaztelaniazko munduen arteko komunikazioa sustatu. Euskarazko askotariko sorkuntza soziokulturala gaztelaniaz zabaldu. Eleaniztasunaren aldeko pedagogia soziala.
- Inguruko informazioari arreta berezia eskaini; hurbilekoa zaindu. Lurralde-deskonexioak.
- Elebidun pasiboei arreta berezia eskaini.
3. ETB-3
- Lehentasunez 30 urtetik beherako biztanleria gazteari zuzenduriko programazioa, euskara hutsez.
4. ETB-4
- Euskararen eta gaztelaniaren presentzia orekatua edukiko duen programazioa, ehuneko berdinetan.
- Programazioa, arreta berezia jarriz zenbait gaitan: izaera bereziko albiste-saioak (tematikoak, instituzionala…), formatu berriak, elkarreragina, kultur programazioa, dokumentalak, erreportajeak, film azpititulatuak, etab.
Irratia
- Euskarazko irrati generalista bat (Euskadi Irratia) AM, FM eta TDTn.
- Gaztelaniazko irrati generalista bat (Radio Euskadi) AM, FM eta TDTn.
- Gaztelaniazko irrati generalista bat Arabako Lurralde Historikorako (Radio Vitoria) AM eta FMn.
- Euskarazko irrati formula gazte bat (Gaztea) FM eta TDTn.
- Euskara eta gaztelaniazko musikako irrati formula tematiko bat (EiTB-Musika), FM eta TDTn.
Interneteko eskaintzari dagokionez, EITBk Kanal generalista eta tematikoen multzo orekatu bat eskainiko du Interneten. Gutxienez, honako hauek sartuko dira multzo horretan:
- 24 orduko informazio-kanal bat Interneten, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.
- Kanal generalista bat, euskaraz eta gaztelaniaz, irrati eta telebistako programazioan oinarritua.
- Haurrentzako kanala bat, euskara hutsezkoa.
- Gazteentzako kanal bat, nagusiki euskarazkoa eta hiru hizkuntzakoa, gaztelania eta ingelesa txertatuz.
- Irrati eta telebistako emisioen eskaintza bat, kanal horren bidez.
.jpg)
Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Ogasun eta Herri Administrazio sailek EITBrekin landu duten 2007-2010 aldirako Programa-Kontratuaren baitan, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko EITBren finantziazioarekin hartutako konpromisoak zehazten dira.
-Hauen artean, esplotazio gastuak konpentsatzeko ekarpenak daude; Jaurlaritzak Aurrekontu-Legean EITBrentzat honako gastu-ekarpenak kontsignatzeko konpromisoa hartuko du:
2007 2008 2009 2010
117.553.620 € 129.400.206 € 143.602.371 € 151.389.356.€
-Horrekin batera, inbertsioetarako ekarpenak zehazten dira. Eusko Jaurlaritzak honako konpromisoak kontsignatuko ditu inbertsio errealetako:
2007 2008 2009 2010
10.110.445€ 13.530.445 € 11.331.965 € 11.552.066€
Programa-Kontratuaren indarraldia lau urtekoa izango da 2007ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra artekoa izango da. Halere, azken data igaro ondoren eta hurrengo Programa-Kontratua indarrean jarri bitartean, markoa 2010. urterako zehaztutako baldintzatan luzatu dela ulertuko da baina, beti ere, luzapenaren gainean Jarraipen Batzordeak har ditzakeen erabakiei kalterik egin gabe.
Programa-Kontratuak Eusko Jaurlaritza eta EITB lotuko ditu eta bien arteko Jarraipen Batzordearen bitartez bideratuko da betetze mailari buruzko jarraipena.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 21a
|