|
Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak 30.000 euroko zehapena ezarri dio MEJORAS DEL GAS enpresari lurralde historikoetako egoitzetan baimenik gabe butano-instalazioetan ikuskapenak egiteagatik. Izan ere, zantzu ugarik adierazten dute enpresa hori SERCATALGAS enpresaren ondorengoa dela, eta azken enpresa horri hiru urteko gaitasungabetzea eta 45.000 euroko isuna biltzen zituen zehapena ezarri zitzaion 2006ko abenduan, informazio engainagarria emateagatik.
Bi konpainiek enpresa-helbide eta telefono-zenbaki bera dute eta, horretaz gain, jarduteko modu engainagarri bera ere erabiltzen dute eta, hain zuzen ere, jarduteko modu horregatik ezarri zion zehapen bat Eusko Jaurlaritzak SERCATALGAS enpresari, arau-hauste oso larria egiteagatik.
Zehazki, bi kasuetan enpresako ordezkari bat aldez aurretik jakinarazi gabe butano-instalazioak dituzten pertsonen etxera joan eta instalazioaren ikuskapena egitea eskaintzen die, horretarako baimenik ez badu ere. Ondoren, kontratu bat sinarazten die, egiaz mantentze-kontratua dena.
Jardun engainagarria da hori, eraginpean harturiko pertsonek ikuskapen bat kontratatzen ari direla uste badute ere, mantentze-zerbitzu bat besterik ez baitute sinatzen egiaz. Kontuan hartzekoa da gas-instalazioak ez daudela mantentzearen eraginpean, eta, hortaz, kontratu hori ez da beharrezkoa. Gainera, MEJORAS DEL GAS enpresako langileek piezen aldaketa ere kobratzen dute, nahiz eta sarritan pieza horiek egoera txarrean ere ez dauden.
Hori horrela, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzak butanoa erabiltzen duten pertsona guztiei honako hau ohartarazi die: MEJORAS DEL GAS enpresaren zerbitzu guztiei uko egin behar dietela eta haien etxera joan eta butano gasaren ikuskapena egitea eskaintzen dieten enpresetaz ez daitezela fida. Horrelako egoerak saihesteko gomendagarria da erabiltzailea bera baimendutako enpresarekin harremanetan jartzea ikuskapena egin behar duenean.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 17a
|