Azken eguneratzea: 2008/08/19
Kazetariekin bilera
Erabakitzeko eskubidea datozen hilabeteotan Europako agendan egongo dela iragarri du Lehendakariak
Auzitegi Konstituzionala galdeketaren alde agertzea espero du
Kazetarien aurrean egindako agerraldi batean, Juan Jose Ibarertxe Lehendakariak datozen hilabeteotan Europan euskaldunen erabakitzeko eskubidearen inguruan eztabaida izango dela iragarri du. Auzitegi Konstituzionalak bere tesia babestea espero du, "ez baitut ezagutzen" ganorazko argudiorik horren aurka.
Lehendakaria eta Miren Azkarate bozeramailea bileraren une batean. JB.
Lehendakaria eta Miren Azkarate bozeramailea bileraren une batean. JB.

Datozen hilabeteotan Europan euskal gizartearen erabakitzeko eskubidearen inguruan eztabaida izango dela iragarri du Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak.

"Datozen hilabeteotan eztabaida izango dugu Europan, ez euskaldunon eskubidearen inguruan bakarrik, baita beste herri batzuen eskubidearen inguruan ere. Euskal gizarteak galdetua izateko duen ahalmena Europako agendan kokatzeko gai izan behar dugu", esan du Lehendakariak kazetariekin Ajuria Enea Jauregian izan duen bileran.

Ibarretxeren aburuz, "euskal gizarteak eta munduko herri guztiek duten erabakitzeko eskubidea gero eta normaltasun handiagoz ikusiko da Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean, eta Europako agenda politikoan gero eta gehiago agertuko da".

Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren kontrakotzat joko balu Jaurlaritzak zer egingo lukeen galdetuta, Lehendakariak ez du aukera hori aintzat hartu nahi izan, bere aburuz "ez baitago Kontsulta Legearen aurkako argudiorik; beraz, zaila izango da aurrera ez egitea onartzea".

Ibarretxeren hitzetan, "oso larria" eta "harrokeria handikoa" da "pertsona bakar batek", Espainiako Gobernuko Presidenteak, "gogoak ematen didalako" soilik argudiatuta, galdeketa bertan behera uztea eta euskaldunon "gehiengo osoak" hartutako erabakia oztopatzea.

"Gertaera historikoa da lau alderdik (hirukoa osatzen dutenak eta Aralar) alegazioak elkarrekin aurkeztu izana", esan du Lehendakariak. "Datorrena datorrela", aurrerantzean ere "Euskadin, Europar Batasunean eta mundu osoan"erabakitzeko eskubidea elkarrekin defendatzen jarraituko dutela azpimarratu du.

Lidergo sozio-ekonomiko eta politikoa

Lehendakariak hitzaldiaren hasieran esandakoaren arabera, "herriaren lidergo politiko eta sozio-ekonomikoa hartzeko ilusio eta indar handiz" dago.

Ibarretxeren aburuz, uharte bat ez bada ere, Euskadik Espainiak eta Europak baino emaitza eta zifra hobeak dituela egingo dio aurre krisialdi ekonomikoari. Izan ere, "etxeko lanak aurrez egin ditugu, berrikuntzaren aldeko apustua egin dugu eta erakundeak elkarrekin ari dira lanean zailtasunei aurre egiten". Halere, "gogor egin beharko da lan", gaineratu du.

Krisia, ordea, ez da gastu soziala handitzen jarraitzeko oztopo izango, horren iritzian, eta bereziki harro agertu da bere gobernuak emakumezko alargunen pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatu izanarekin.

De Juana

Iñaki de Juana deklaratzera deitu izanaren inguruan galdetuta, "biktimei gertutasuna erakustea helburu zintzoa da, baina inputazioak eraikitzeko teoriak edo egunero egunkarietan De Juanari buruz aritzeak biktimei mesederik ez diela egiten uste dut", erantzun du Lehendakariak.

Kutxen bateratzea

Euskal kutxen balizko bat-egiteaz ere mintzatu da Ibarretxe. Horren ildotik, "bat-egiteak kutxen batzarrek erabakitzen dituzte eta ez Jaurlaritzak", adierazi du.

"Enpresen erabakiak errespetatzen ditugula esan dugu beti", esan du, eta Patxi Lopez kritikatu du kutxak batzeko proiektuaren bideragarritasuna galdeketarekin lotzeagatik.